Etiquetas

manifiesDoWN (euskera)

Gure guraso, anai-arreba eta familiakideei. Gure lagun, ikaskide eta lankideei. Gure hezitzaile, begirale eta laguntzen diguten boluntarioei. Erakunde, politiko eta enpresariei. Kaleko jendeari eta entzun nahi diguten guztiei honako hau adierazi nahi diegu:
Irri egitea eta besteei irri eragitea gustatzen zaigu. Irria keinu erraza da. Ezpainak mugitzea nahikoa da. Baina garrantzitsuena irri bakoitzaren esanahia da. Penak edota lastimak eraginda jasotzen ditugun irriek ez digute balio. Baina bilatu eta eskatzen dizkizuegun irriak, laguntzen digutenak, desberdinak dira eta bestelako esanahiak dauzkate.
Zoriontsuak gara eta gustura gaude guraso, anai-arreba eta familiakideekin. Maite, errespetatu eta garen bezalakoak, hots, pertsonak bezala, onartzen gaituzuela dakigu. Batzuetan haserretzen gara eta eztabaidatzen dugu, baina azkenean dena konpontzen da. Gure ahaleginei eta eguneroko lanari esker lortutakoa baloratzen duzuela erakusten duten irriek laguntzen digute.
Lagun, hezitzaile eta boluntarioak gustuko ditugu. Zuen ondoan jarraitu nahi dugu elkarrekin ikasten dugulako, hitz egiten dugulako, eztabaidatzen dugulako, zinera eta kontzertuetara ondo pasatzera joaten garelako, afaltzera ateratzen garelako, bidaiak egiten ditugulako,… Baina, batez ere, maitasuna, ulergarritasuna eta poza adierazten duten irriak eskertzen ditugu. Garen bezalakoak onartzeari ondo deritzogu, begirunez, gure sentimenduak errespetatuz eta inolako maltzurkeriarik gabe.
Badakigu denok maite gaituzuela, guretzat onena egiten duzuela,…, batzuetan zer nahi dugun jakin gabe. Gure heziketak, etxean zein eskolan, helduak izaten lagundu behar digu.Baita gure ametsak betetzen eta bizitzan zehar pertsona garrantzitsuak izaten ere.
Gure ametsa zoriontsuak izatea da eta beste edonork desiratzen duena nahi dugu: gure bizitza izan, lan egin, gurasoekin ala bikotekidearekin bizi, lagunak izan, bai haiekin bai inguruko jendearekin hitz egin, asialdiaz gozatu, maite ditugunekin gustura egon,...
Amets hauek lortzeak asko eskatzen du. Hasteko gure ahalegina. Ingurukook oso ondo dakizue txikitatik etxean, eskolan,… lan handia egiten dugula. Ahalik eta urrutien heltzeko, daukagun onena emateko. Gure erritmoa kontuan hartuta, ahalik eta urrunen heltzeko aukerak behar ditugu.

Badakigu lan egin behar dugula. Honek geure buruarekin ondo sentitzeko, balio dugula jakiteko eta dirua irabazteko aukera ematen digu. Lan ezberdin askotan lan egin dugu, egin ahal dugulako. Ondo egindako lana nekearen eta poztasunaren adierazle da. Lankideen irriek gure ahalegina baieztatzen dute.
Dena den, lan egiteko aukerak ez dira hainbeste. Oso gutxi dira guregan konfiantzarik duten eta kontratatzen gaituzten enpresak. Bihotzez eskertzen diegu. Hala ere, asko dira arriskurik nahi ez dutenak (ez dira gutaz fidatzen?) eta legea betetzen ez dutenak. Dakiguna erakusten uzteko eskatzen diegu, asko da eta. Kofiantzazko irriak behar ditugu.
Lanik egiten ez badugu, ezin dugu etxebizitzarik erosi. Ezta nahi dugun bezala bizi ere. Ezin gara autonomoak izan. Nahiz eta autonomoak izateko ikasi, bidean oztopo asko dauzkagu. Hau dela eta, zailagoa da barre egitea.
Horregatik, erakundeen parte hartzea eskatzen dugu. Askotan asko agintzen digute baina ez dute asko egiten. Adimen urrikook gure eskubideak dauzkagu baina beti ez dira errepetatzen. Denon artean berdintasunean bizitzea lortu behar dugu. Erakundeei konpromisoaren irria eskatzen diegu.
Baina eskatzeaz gain, badakigu besterik egiten. Ez gara inguratzen gaituenaz ahazten. Jendearekin solidarioak izatea, arazoak dauzkatenei (pobreei, bakarrik dauden pertsona zaharrei, gaixoei,…) laguntzea gustatzen zaigu. Jendearekiko begirunea dugu gustuko. Hiria garbi gustatzen zaigu, inolako biolentziarik gabe.
Honengatik guztiagatik, eta konklusio gisa, hauxe utzi nahi dugu argi:
  • *    -Zoriontsuak gara, edonor bezala, errespetatu eta garen bezalakoak onartzen gaituztenean.
  • *    -Ahalik eta autonomoenak izan nahi dugu erabakiak guk geuk hartzeko.
  • *    -Gure eskubideen aldeko legeak betetzea behar dugu, horrela, inguratzen gaituztenei eta gure ahaleginei esker, gure ametsak beteko ditugu.
  • *    -Ez dugu nahi manifestu hau, gehienekin gertatzen den bezala, ezerezean geratzea. Asko irakurri, txalotu eta ahazten dira.
  • *    -Irriak ikusi nahi ditugu, baina benetakoak, balio duten horietakoak.



Oharra: GORRIZ ETA MAIUSKULAZ agertzen dena manifestua egiteko down sindromedunek adierazitakoa da.

No hay comentarios:

Publicar un comentario